Usek irabazi du, seigarren aldiz

350

(Uztarria.eus) Guztira, hamabi errekortarik parte hartu dute Azpeitiko zezen plazan jokatutako sariketan. Errekorte arriskutsu bezain ederrak egin dituzte errekortariek, eta izugarrizko ikuskizuna eskainita, Eusebio Sacristan Use-k irabazi du txapelketa. Mikel Vallejo gasteiztarrak errekorte onenaren saria eskuratu du.

Zezen Beltzek eta Toropasion enpresak antolatuta eta udalaren laguntzarekin, Azpeitiko Errekortarien Txapelketa jokatu dute Azpeitiko zezen plazan. Goizean ez bezala, eguraldiak eutsi egin dio ikuskizunak iraun duen ia denbora guztian, eta goraino bete da lekua, 3.000 ikusle ingururekin.

Guztira 12 errekortarik parte hartu dute: Jonatan Estebanez Peta-k, Ander Gallastegik, Aaron Grandek, Javier Perezek, Gorka Santamariak, Mikel Vallejok, Pablo Martin Guindi-k, Jose Carlos Garciak, Javier Mansak, Mario Alcadek, Eusebio Sacristan Use-k eta David Ramirez Peque-k. Azken horrek aspaldi egin gabeko trikimailuak egiteko ere aprobetxatu du.

Errekorte arriskutsu bezain ederrak egin dituzte hamabi errekortariek, eta izugarrizko ikuskizuna eskainita, Usek irabazi du txapelketa. Sigarren aldiz irabazi du dagoeneko Azpeitiko lehen garaikurra Valladolideko errekortariak. Bigarren sailkatu da Peta, hirugarren Juan Carlos Garcia, eta laugarren Mikel Vallejo gasteiztarra. Azken horrek errekorte onenaren saria ere eskuratu du.

KONPARTITU