Zezen Beltz: 15 urte, 15 lorratz

1644

Zezen Beltz elkarteak hamabost urte bete ditu, eta familia argazkia atera du gaur, Pilotalekuan, sorreran bezala. Asko izan da urteotan egindakoa: egituratu, Errekortarien Txapelketa, entzierroak, elkartearen asteburua, ikus-en tzunezkoak, kanpora irteerak, egoitza, sokamuturraren 500. urteurrena, genero aldetik pausoak, herritarrei aitortza, ekarpen soziala, komunikazioa eta transmisioa…

1) Zezen Beltz elkartearen sorrera

Orain dela hamabost urte sortu zen Zezen Beltz Azpeitiko elkartea, kaleko zezena sustatzeko asmoz. 2008ko otsailaren 2an egin zuen aurkezpena, Pilotalekuan —argazkian—. Sokamutilak, zezenzaleak eta udaleko ordezkariak elkartu ziren.

2) Errekortarien Txapelketa

Azpeitian Errekortarien Txapelketa 2007an antolatu zen lehenengo aldiz, udalaren eta ETBren artean, oraindik Zezen Beltz elkartea ez zegoela. 2008tik Zezen Beltzek antolatu izan du, udalarekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean, herrian bestelako ekinbideak ere egiteko eta programazioa urtean zehar banatzeko. Puntako errekortariak etortzen dira; besteren artean, euskal herritar batzuk. Zezen plazan izaten da; jende asko joaten da. Argazkian, 2022ko saioaren argazki bilduma.

DSC_1191

3) Txikien eta helduen entzierroak

Entzierroak ere antolatzen ditu: txikiena eta helduena. Txikiena 2008an izan zen aurreneko aldia, saninazioetan. Helduena, berriz, elkartearen asteburuan antolatzen du; lehenengoa 2016an izan zen. Bideoan, txikien iazko entzierroa.

4) Zezen Beltz asteburuak

Zezen Beltz bere aste bukaera antolatzen hasi zen 2009an. Asteburuan antolatu izan ditu sokamutur txikia, txahal eta oilasko dastaketa, helduen entzierroa, Artzubian helduen sokamuturra edota jolasak zezen plazan —2014tik, Grand Prix izenpean—. Iaz, Zezen Beltz 13. asteburua izan zen. Giro polita egoten da beti. Beheko argazki bilduma, 2010eko asteburukoa da, II.enekoa.

ZB1-Zezen jolasak eta erakusketa (urriak13) (1)

5) ‘Soka ez da eten’ dokumentala

Azpeitiko sokamuturraren historiaren eta berezitasunen berri emateko, Soka ez da eten dokumentala (ikusgai hemen) egin zuen Zezen Beltzek, 2011n. Sanagustin kulturgunean aurkeztu zuen, otsailean, jendaurrean. Dokumentalaren 1.500 ale inguru saldu ziren. 2012an, liburu formatuan ere atera zuen, sarean. Aurten, sokamuturraren jakingarriekin bideo labur bat egin du. Behean, Soka ez da eten dokumentalaren aurkezpena.

6) Emakumearen presentzia

Oso maskulinoa da zezen mundua, sokamuturra barne. Proposatu izan zaie pare bat azpeitiar neskari helduen sokamuturrean sokan irteteko, baina oraindik inor ez da animatu. Txikienean ohikoak dira neskak sokan; lehenengo aldiz, 2012an irten zuen neskato batek. Elkartearen asteburuan zezen plazako jolasetan 2015etik dago emakumeen presentzia. Dena dela, gehiago lantzeko alor bat da. Bideoan, 2015eko asteburuko sokamutur txikian neska bat ere sokan.

7) Zezen Beltzen egoitza

IV. asteburuan bere egoitza inauguratu zuen Zezen Beltzek, 2012ko urrian, ekitaldi bat eginda. Izarraitz pilotalekuaren sarrera ondoan dago lokala, udalak utzita. Elkarteak sokamuturreko irudiekin mural bat jarria du, baita argoila bat ere, soka eta makilarekin. Argazkian, inaugurazio ekitaldia.

8) Kanpora irteerak

Azpeititik kanpo ezagutza pilatzen eta hartu-emanak egiten aritu izan da Zezen Beltz. 2013an elkarteko kideak eta lagunak Chivan (Valentzia, Herrialde Katalanak) izan ziren, sokamuturraren kongresu batean (argazki bilduma). Azpeitiko sokamuturrak ikusmina piztu zen han. 2015ean Lodosako (Nafarroa) kongresuan hartu zuten parte. Ganadutegietara ere joan izan dira Zezen Beltzeko kideak-eta: 2011n Nafarroara, Makua eta Reta ganadutegietara, edota 2015ean Alfaroko (Errioxa, Espainia) Toropasionera. Bideoan, Azpeitiko sokamuturra, Chivan.

9) Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrena

Azpeitiko sokamuturrak 500 urteko historia du, gutxienez; 1518koa da lehen agiria, eta, hala, 2018an bosgarren mendeurrena ospatu zen herrian, urtarrilean eta otsailean. Herri Batzordea sortu, eta Zezen Beltz kideetakoa izan zen. Egitarau zabala prestatu zen: sokamutilei omenaldia, sansebastianetatik karnabalak arteko igandeetan ere zezena, ekitaldia Soreasun —antzezpen eta guzti—, Argazki Elkartearen liburua, afaria… Ospakizunaren ondoren, sareko aldizkaria atera zuen batzordeak. Bideoan, ekitaldia.

10) ‘Irteera’ pelikula

Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurreneko festaren barruan, ospakizuneko Herri Batzordeak Irteera pelikula egin zuen. Jai karnabal edo Elegante Eguneko giroa jasotzen du filmak —behean—. Protagonistak, bertakoak izan ziren.

11) Zezen Beltzen 10. urteurrena

2018an hamar urte bete zituen Zezen Beltzek. Urrian 10. urteurreneko ekitaldia egin zuen, Sanagustinen, elkartearen X. asteburuaren barruan. Hamar urtean laburpen bideoa eskaini zuen —behekoa—.

12) Elkartearen aitortzak herritarrei

Azpeitiko kaleko zezenaren bueltan jende asko mugitzen da, era batera edo bestera, euren alea jartzen, eta Zezen Beltz elkarteak aitortu izan du haien ekarpena. Publikoki, hauena aitortu du: Imanol Elias historiagilea, Nicolas Oteiza Kaito telebista kamera, Mikel Ibarzabal Festa zinegotzia, urteetan astearte karnabal goizean sokakoentzat-eta bizkotxoa prestatu duen Mila Perez (bideoan) eta Jose Mari Iturzaeta udal brigadakoarena.

13) Alde soziala ere lantzen

Alde soziala ere landu du Zezen Beltzek azkeneko hamabost urte hauetan. 2013an, elkartearen asteburuan zezen plazako jolasetako sarrerekin ateratakoarekin, 2.100 euro eman zizkien Azpeitiko gaixo eta elbarrituen aisialdi taldeari eta DYAri. 2016an Aspanogi minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkarteari eman zion laguntza (6.000 euro), 2017an Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren elkarteari (4.600 euro) eta 2019an Duchenne gaixotasunaren ikerketarako eman zuen (5.725). 2015ean Nepalera diru laguntza bat bideratu zuen, hango lurrikara zela eta. 2017an entzumen desgaitasuna duen entzierro lasterkari Sergio Colas nafarrari buruzko dokumentala eskaini zuen, Soreasun. 2020an Marea Urdina ziurtagiria jaso zuen Zezen Beltzek —argazkian—, aniztasunaren lagun gisa. Korrikan lekuko bat hartzen du.

14) Komunikazioa eta transmisioa

Zezen Beltzek hasieratik eman dio garrantzia komunikazioari eta transmisioari. webgunea du 2010etik, sare sozialetan kontuak (Twitter, Facebook eta Instagram), Flickr argazki gunea ere badu (gaur-gaurkoz, bilduma askotan 13.275 irudi dauzka), eta YouTubeko kanalean ia 525.000 ikustaldi daramatzate elkartearen bideoek. 2014an Sokamuturra aplikazioa sortu zuen, eta, ikus-en tzunezko arloa hobetzeko, herritarrei sokamuturreko bideoak bidaltzeko kanpaina egin zuen urteetan. Argazkilaritzan, Azpeitiko Argazki Elkartearen sokamuturreko lehiaketan epaimahaian parte hartu ohi du.

15) Berriz ere Pilotalekuan, 15. urteurrena oroitzeko

Berriz ere elkartu dira Zezen Beltzeko kide eta lagunak elkartearen urteurrena bat ospatzeko: gaur, 15.a urteurrena dela eta. Orain dela hamabost urte bezala, Pilotalekuan familia argazkia atera dute —goi-goikoa da—. 30 bat lagun pasa bildu dira. Ondoren, sokamutil, sokan aritutako eta zale batzuk zezen plazara joan dira bazkaltzera —behean, bazkariko argazkiak—; urterokoa izaten da karnabal zapatuko bazkari hori.

KONPARTITU