Parte hartze zabala XII. aste bukaeran

678

46 partaide ariko dira urriaren 16an eta 17an Grand Prixean, uztaietan eta errekortarietan. Sarrerak salgai daude tabernetan.

Aurreko astean iragarri bezala, urriaren 16an (larunbata) eta 17an (igandea) izango da Zezen Beltz XII. aste bukaera, pandemia dela-eta iazko etenaren ondoren berriz ere martxa hartuta, eta parte hartze zabala izango du; izan ere, 46 partaide ariko dira Grand Prixean, uztaietan eta errekortarietan.

Urriaren 16an Grand Prixa izango da, Azpeitiko zezen plazan (17:00), eta taldeak jada erabakita daude. Lau ekipo ariko dira, zazpina lagunekin. Denak ere, Azpeitiko gazteak, neska-mutilak. Sei jolas desberdin egin beharko dituzte ordu eta erdi iraungo duen saioan: zezenekin bi, eta besteak obstakuluekin eta puzgarriekin.

Urriaren 17an ere zezen plazan izango da uztaien eta errekortarien saioa, 17:00etan hasita. Uztaiekin lau bikote izango dira, bina lagunekoak. Gero neska errekortariek hartuko dute parte. Horietako bat azpeitiarra izango da: June Urain. Bigantxa gazteak izango dituzte aurrean. Haien ostean, 16 urteko lau lagun ariko dira, errekortari lanetan, bigantxekin, eta gero, 16 urtetik gorako beste lau, idisko gazteekin. Partaide denak —Zaragozako (Espainia) neska bat salbu—, ingurukoak izango dira.

Sarrerak salgai tabernetan

Grand Prixeko eta errekortarien saioko sarrerak salgai daude Korrale, Mendizabal, Jim Clark, Intz, Berdie eta Eguzkitza tabernetan, 5 eurotan, eta, egunean bertan, zezen plazako leihatilan, saioa hasi baino ordubete lehenagotik.

Urriaren 16an eta 17an zezen txikiak eta poniak izango dira umeentzat, Perdillegiko jolas tokian, 12:00etan.

Zezen txikiak plazan, Zezen Beltzen aste bukaera batean. Aurten Perdillegin izango dira.
KONPARTITU