Sagardogi: “Orain buruan ez dut erretiroa; festarako eta zezenerako gogoa daukat”

1448
edf

Igor Sagardogik karnabal hauetan utziko dio sokamutil izateari. Orain dela hamar urte hasi zen, karnabaletan. Festetako sokamuturreko irteera denak egiteko asmoa dauka. Elkarrizketa egin dio Zezen Beltzek.

Zergatik utziko diozu sokamutil izateari?

Arrazoi desberdinak daude. Orain dela hamar urte hasi nintzen, eta badira ja urte batzuk. Gazteentzat lekua egitea da beste arrazoi bat. Eta beste bat da gure adin honekin [38 urte] kolpeak-eta beste era batera hartzen dituzula, desberdin pentsatzen duzula horretaz, ez 17 urteko-edo batek bezala, eta iaz Nuarbeko festetako zezenean eskumuturra hautsi izanak zer pentsatua eman zidan. Hortaz, hauxe da uzteko momentua.

Nolatan hasi zinen sokamutil?

Ez nintzen hasi aurreneko aldiz proposatu zidatenean, bigarrengoan baizik. Aurrenekoan erantzun nien oraindik festarako gogoa neukala. Handik pare bat urtera berriz aipatu zidaten, Urrestillako txotx batean geundela, eta orduan bai, animatu nintzen.

Txikitatik bizi izan al duzu sokamuturra?

Bai, baina zaletasuna ez datorkit etxetik; ama eta aita ez dira azpeitiarrak… Gaztetxoa nintzela sokamuturrean topean egoten nintzen, eta abar. Txahal txikiekin ere ibiltzen ginen.

Igor Sagardogi, 2014ko karnabaletan, Eliz kalean sokamutil lanetan. Orduan egin zuen debuta.

Zer nabarmenduko zenuke Azpeitiko sokamuturretik?

Daukan indarra. Asko ematen dio herriari. Ikusi besterik ez aurtengo sansebastianetan zezenean ibili zen jendetza. Zezenaren txintxarria ez zen entzun ere egiten. Sortzen den anbientea ederra da. Festak bizitzeko era bat da sokamuturraren bueltako parranda hori. Horrela gozatzen dut nik.

Pasadizorik?

Bat badut ona, orain dela bi urteko karnabaletakoa. Elegante Eguneko arratsaldeko irteeran Erdi kalean sokan nindoala atzera begiratu nuen, berriz aurrera, eta mutil gazte batekin estropezu egin nuen, eta lurrera; arratsalde berean, berriz ere estropezu egin nuen Mixikorditik plazara bidean; zeinekin, eta mutil berarekin. Eta gero, karnabalen bukaeran-edo, sokamutilen artean komentatu zen aurrera begira beharko genituela beste pare bat kide eta esan zen halako izango zela horietako bat; zein, eta mutil hori! Mikel Iriarte. Iaz irten zuen lehenengo aldiz sokan Mikelek.

Giro ona duzue sokamutilen artean…

Oso ona, Gainera, nik uste ona dela sokakoak adin tarte desberdinekoak garela: hiru gaude 37-38 urtekoak, gero badaude batzuk bi-hiru-lau urte gazteagoak, eta besteak, 30etik beherakoak dira.

2014ko karnabalak, sokamutlak plazan. Goian, Erik Etxeberria, Alex Berasategi eta Andoni Etxeberria. Behean, Aitor Cordoba eta Igor Sagardogi. Azkenak orduan izan zuen lehen urtea sokamutil bezala.

Toki bat?

Herriko plaza.

Une bat?

Edozein irteera.

Egun bat?

Elegante Eguna.

Karnabaletako irteera denak egingo al dituzu?

Bai. Erretiroa hartzean, [Haritz Segurola] Xague-k egin zuen lehen aldiz hori [2010ean], orain dela bi urte [Joseba Senperena] Arretxe-k heldu zion erronkari, eta iaz Andoni Etxeberriak. Orain nik utziko dudanez, saiatu egin beharko dugu. Asmo hori dut, bai, irteera denak egitekoa. Ea ailegatzen garen… Fisikoki, behintzat, ondo prestatzen ari naiz.

Penarik uzteagatik?

Orain momentuan, ez, Orain buruan ez dut erretiroa. Orain dudana da gogoa festarako eta zezenerako. Gero, hau bukatzen denean, hasiko naiz pentsatzen ez ditudala biziko hainbat une sokamutil bezala, eta igual sentituko dut pena.

Igor Sagardogi, aurtengo San Sebastian egunean, plazan.

Goi-goiko argazkian, Igor Sagardogi, aurtengo San Sebastian egunean, Erdi kalean, zezenaren irteeraren aurretik.

KONPARTITU